Manuel Calvo
Manuel Calvo 1816ko abenduaren 24an jaio zen Portugaleten. Nautika-ikasketak eginda, La Habanara abiatu zen. Hor hastapenak egin zituen burdindegi batean dendari-lanak egiten. Ondoren, goleta bat erosi zuen Kubako kostaldez kostalde kabotajean aritzeko. Etekin mordo lortu eta gero, erabaki zuen burdindegia erostea eta nabigazio-konpainetan ere parte hartzea. Halaber, Banco Hispano Colonialen sorreran ere partaide izan zen.
Manuel Calvo nabarmendu zen lurrak erosi zituelako eta azukrea ekoizteari ekin ziolako. Azukre-planta bat sortu zuen, Portugalete izenekoa, Kubako plantarik garrantzitsuenetako bat izateraino heldu zelarik.
Politikagintzan oso gogotsu jardun zuen. Kuban Espainiako interesen aldeko borrokan giltzarri izan zen independentziaren aurka.
Alargun eta seme-alabarik gabe Portugaletera itzuli zen, 1872an kai berrian eraikia zuen etxe handi eta luxuzko hartara. Hil eta gero, hiriari berari utzi zion etxea, bertan hotel handia egin zedin. Bere nahia zen “Txiroen etxea” izatea eta horren ondorioz, mozkinak erabiltzea behartsuei jaten emateko.
Manuel Calvo 1904ko martxoaren 16an hil zen Cadizen. Berak ezarri zuenari jarraiki bere nahia gauzatu zen urte hartantxe izen bereko fundazioa eratu baitzen.